Artistak
Gonzalo Etxebarria
Bilbo, 1954
Arkitektura ikasketak egin zituen Madrilen, baina Euskal Herrira itzuli eta Debako Arte Eskolan jarraitu zuen bere formakuntza 1974 eta 1976 artean. 1980an Ipar Euskal Herrira jo eta bertan hasi zuen bere ibilbide artistikoa eta, jarduera horrekin batera, kultura eta arte plastikoetako ekintzetan animatzaile tekniko aritu zen. 1988an, beste sortzaile batzuekin batera, Menditte taldea sortu zuen Zuberoan, bizi den lekuan. Margolari lanetan egin zuen lehendabiziko etapan, honako kolore hauek nabarmendu zuten: lurrak, grisak eta zuri-beltzak, figurazioaren eta abstrakzioaren arteko mugan. Pixkanaka, argiaren inguruko ikerbide batean, kolorearen bizitasunari eman zion protagonismo osoa bere koadroetan, espresionismo abstraktuaren bidean. Zeru-lurrak kaosaren adierazpide dira bere lanean; eta, polisemian oinarrituta, ikusleari uzten diote azken hitza. Bakarkako zein taldeko erakusketa askotan hartu du parte Euskal Herrian zein Frantzian. Akrilikoez gain, beste teknika batzuk ere erabili ditu: collagerako papera eta oihala, materialen eta idazketaren efektuen ikerketa moduan. Kultur jarduera askok hartu dituzte hark diseinatutako afixak eta logoak, eta eszenografiak ere egin ditu. Mendikotako (Zuberoa) sorkuntza artistiko eta kulturaleko tailerra zuzentzen du.
Juan Gorriti
Oderitz, 1942
Gaztetako prestakuntza garaian zurgintzan eta errestaurazioan jarduten zuela, egur-taillaren sekretuak ezagutu zituen; bide horretan, formen eta testuren bila hasi zen bere gertuko ingurunean, eta, azkenean, eskulturan topatu zuen bere adierazpen-bidea. 70eko hamarkadan Remigio Mendiburuk eta Jorge Oteizak eman zizkioten aholkuei esker, bere egitekoa artegintzan jardutea izango zela erabaki zuen. Haren inspirazio-iturri izan ziren Aralarren babesleku izan zituen mendiak, basoak eta lurrak. Gorritiren lanaren lehendabiziko erakusketa 1975ean izan zen, bere bizilekuan, Atalluko Batzarre baserri handian, Mikel Laboak «jatorrizko etxea» deitzen zuen horretan egindako erakusketa kolektibo batean. Hortik abiatu zen bere sorkuntza garai emankorra, eta, horren ondorioz, hainbat eta hainbat erakusketa egin zituen Euskal Herrian, Frantzian, Alemanian, Bretainia Handian, Espainian… erakusketa-aretoetan eta gune irekietan. Eskulturaren arloan, egurra landu izan du, egurra naturaren eraginaren pean eta Gorritik berak sorkuntzaren ardatz moduan identifikatzen duen «laugarren dimentsioaren» pean, hau da, beharraren eta denboraren eraginaren pean. Haren margoetan, berriz, figura antropomorfikoak, animaliak eta irudimenetik sortutako izakiak agertzen dira, eta bi ezaugarri nagusik definitzen dute: kolorearen bizitasunak eta formen soiltasunak.
Koldobika Jauregi
Alkiza, 1959
Joera askotariko artista eta euskal eskultura garaikidearen erreferente nagusietako bat da. Oso gazte hasi zen lanean, autodidakta moduan. Hasiera-hasieratik, eta egin duen ibilbidean zehar, era askotako sariak eta bekak jaso izan ditu. 1986an atzerrira joaten hasi zen lehiaketa artistikoetan parte hartzeko. Italian marmolezko eskulturaren hastapenak egin zituen. 1990ean Eduardo Txillidak Zabalaga beka eman zion. 1996an Düsseldorfen instalatu zen, Insel Hombroich Museoak bost urtetan artista gonbidatua izateko eskaintza egin baitzion; han garatu zuen “Naturarekin bat datorren artea” proiektu esperimentala. Orduz geroztik, Jauregiren erakusketa-kopurua handitu egin zen eta, Euskal Herrian ez ezik, Europako hainbat herritan eta Japonian ere egin zituen erakusketak. 2010ean Ur Mara gune esperimentala abiatu zuen: artea, etnografia eta natura fusionatu zituen. Gune publikoetan kokatuta dauden eskultura askoren egilea ere bada. Guggenheim Bilbao Museoak Jauregiren hainbat lan erosi ditu bere bilduma iraunkorrerako. Eskultore alkizarraren ekoizpenak figurazioaren eta abstrakzioaren artean dabiltza, baita espresionismoan ere. Eskulturak egiteko, harria, egurra eta fundizioa erabiltzeaz gain, beste teknika artistiko batzuk ere lantzen ditu, hala nola: grabatua, pintura eta zeramika. Eszenografien eta proiektu estetikoen egile ere bada. “Dantza” filmaren (2018) atrezzoaren egilea eta ekoizpenaren diseinatzailea da.
Jesus Mari Lazkano
Bergara, 1960
Formakuntza akademikoa EHUko Arte Ederretako Fakultatean egin zuen eta, gaur egun, irakasle jarduten du. Umetatik hasi zen margogintzan. 80ko hamarkadan hasi zuen bere ibilbide artistikoa errealismoaren ildoan, bizileku zuen Bilbo bezalako hiri industrial baten markoan; eremu horretan, modernitatearen energiaren eta gizartearen ondorengo paisaiaren ikerketan aritu izan zen lanean. 1988an New Yorkera joan zen bizitzera; bertan, metropoliaren hirigintzan inspirazioa izan zuten margo asko egin zituen, eta arkitektura arrazionalistaren eta naturaren arteko harreman dialektikoaren inguruko bere interesa sendotu egin zen. Lazkanoren ibilbidean, bere lanetan tradizio erromantikoak bat egiten du ikuspegi surrealistekin, hainbat gai proposatzeko: indar bisual handiko giro sublime eta ezinezkoak erakusten dituzten habitatu gabeko arkitekturak, eta mendi eta itsas aldeko paisaiak. Euskal Herrian, Amerikako Estatu Batuetan, Txinan, Ingalaterran, Frantzian, Suitzan, Italian, Indonesian eta Espainian erakutsi ditu bere lanak. Nazioarteko aitorpen asko jaso ditu. 2017ko ekainean New Yorkeko The Arctic Circle fundazioaren Artikorako espedizioan parte hartzeko gonbita jaso zuen, eta, harekin batera, hainbat nazionalitatetako zientzialariak, zinemagileak eta artistak joan ziren, muturreko paisaiak hainbat diziplinatatik ikertzeko.
Irantzu Lekue
Gasteiz, 1987
Disziplina asko lantzen dituen artista hau kultur ekintzaile gisa ere defini dezakegu. EHUren Arte Ederretako fakultatean eta beste hainbat unibertsitatetan ikasi zuen: Granadan, Tenerifen, Perugian, Madrilen eta Essexen. Haren lanak gizartearen kontzientziazioa bilatzen du. Hainbat teknika eta estilo landuz, memoria, arrazismoa, gizarte alorreko bidegabekeriak, aldaketa klimatikoa, nortasunaren krisia edota emakumearen egoera jorratu ditu, betiere existentziari buruzko gogoeta baten ikuspegitik. Sorkuntza-ekoizpenari begira, pintura abstraktua eta figuratiboa beste hainbat teknikarekin uztartzen ditu: argazkigintza, eskultura kontzeptuala, instalazio artistikoak, bideoartea eta muralismoa. Hainbat sari jaso ditu eta Euskal Herrian zein Espainian hainbat erakusketatan eta interbentziotan parte hartu du. Lekuek, bere instalazioetan, eguneroko objektuak behin eta berriro erabiliz lortzen du haiei esanahi berria ematea, elkarreraginerako eta gogoeta kritikorako gonbidapen bihurtzen baititu. “Aztarnak” izeneko instalazioaren bidez, gasteiztarrak amaiera eman zion Donostia 2016 Europako Kultura Hiriburuaren Energia Olatuak programari: beirazko 10.000 botila erabiliz, hatz-marka erraldoi bat osatu zuen eta parte hartu nahi izan zuten pertsonen kulturaren eta artearen aldeko mezu bat sartu zuten botila bakoitzean. Dimentsio handiko muralak ere egin izan ditu gune publikoetan.
Dora Salazar
Altsasu, 1963
Eskultore eta margolaria. Arte Ederretako lizentziaduna da EHUn. Bere formakuntza akademikoaren ostean, eskultura aukeratu zuen lanerako; egin zituen lehendabiziko lanetan hondakinetatik bildutako materialak erabili zituen eta, pixkanaka, figura femeninoaren eta emakumearen unibertsoaren aldera jo zuen. Altsasuarraren obra figuratiboan ohikoak dira oreken jokoa eta indarraren eta egonkortasun ezaren arteko bikotasuna, sortzen duen atmosfera etereo eta grabitaterik gabekoan genero rolak eta baldintzak zalantzan jartzeko. Eskulturak egiteko hainbat material erabiltzen ditu bere muntaketetan: altzairua, kobrea, kristala, papera, larrua… eta, aldi berean, gizakiaren gorputzaren ekoizpen errealista ere lantzen du. Beste era bateko lanak ere egin izan ditu: argitalpenetarako irudiak, eszenografiak eta bideogintza zein argazkigintza arloetako esperimentuak. Jaso dituen sarien artean, aipatzekoak dira Bizkaiko Artea, Gure Artea, Luxenburgoko Prix du Ministère de la Jeuneusse, Estrasburgoko Salon International d‘Art Contemporain eta Zarauzko Itsas Pasealekuko Eskultura Saria. Salazarren lanak ikusgai daude Euskal Herriko museoetan, erakundeetan eta gune publikoetan. Eta hainbat erakusketa egin ditu, bakarka zein taldean, Euskal Herrian, Katalunian, Luxenburgon, Amerikako Estatu Batuetan, Italian, Alemanian eta Espainian.
Jose Antonio Sistiaga
Donostia, 1932
Abangoardiako euskal margolari emankor eta berritzaileenetariko bat da XX. mendeko bigarren zatian eta XXI. mendearen hasiera honetan. Artearekiko zaletasuna 6 urte zituela piztu zitzaion, Velazquezen "La rendición de Breda" margolanaren kopia bat ikusten ari zela. Arte Ederretako ikasketak hasi berritan utzi zituen, bere burua era autodidaktan trebatzeko, eta, 17 urte zituela, estilo inpresionistako lehen artelanak egiten hasi zen. 22 urterekin joan zen Parisera bizitzera eta, bertan, izaera figuratiboko lanak egiten hasi bazen ere, abstrakziorantz egin zuen bilakaera. 1961ean Euskal Herrira bueltatu zen eta 1966an Gaur taldearen bultzatzaileetako bat izan zen. Bi urte beranduago, historiako lehen film luze abstraktuari eman zion hasiera, «Ere erera baleibu izik subua aruaren » izenpean. Film mutu hau eskuz margotu zuen fotogramaz fotograma, etenik egin gabe, 17 hilabetetan; 1970ean argitaratu zuen eta 2000. urtean Parisko Georges Pompidou Zentroak erosi zuen. 2000ko hamarkadan hainbat galeriatan eta museotan erakutsi zuten Ameriketako Estatu Batuetan, Italian, Kanadan, Mexikon, Frantzian, Espainian… Hurrengo hamarkadetan zinemagintza esperimentalean jarraitu zuen lanean, film labur berriak egiten, eta bere margoak Europako erakusketetan eta azoketan ikusi ahal izan ziren. Lan horien bidez, Sistiagak, mugimenduaren, argiaren eta kolorearen ardatzetan oinarrituta, etengabeko berrikuntza ekarri dio pinturaren hizkuntzari.
Jose Luis Zumeta
Usurbil, 1939
Donostiako Arte eta Lanbide Eskolan eta Gipuzkoako Artisten Elkartean hasi zuen bere formakuntza, marrazkilari moduan enpresa grafiko batean aritzen zen bitartean. 19 urterekin, Madrileko Pintura Gaztearen Lehiaketan Urrezko Domina Nazionala irabazi zuen. Margolari egin zituen lehendabiziko urteetan, Parisen, Londresen eta Stockholmen bizi izan zen hainbat etapatan, eta, ibilbide horretan, nazioarteko abangoardia artistikoko joerekin izan zuen harremana. Euskal Herrira itzulita, 1966an Gaur talde abangoardistaren sorreran hartu zuen parte beste artista batzuekin batera. Urtebete beranduago Euskal Pinturaren Sari Nagusia irabazi zuen. Hasieran figurazioa izan zen nagusi Zumetaren koadroetan; handik, izaera soziopolitikoko estilo espresionista landu zuen; eta, azkenean, argi eta garbi jo zuen abstrakziora, eta kolorea aukeratu zuen formara iristeko ezinbesteko oinarritzat. Usurbildarraren lanak ikusgai egon dira Euskal Herrian, Amerikako Estatu Batuetan, Mexikon, Txekian, Espainian eta Alemanian. Liburu eta disko askoren azalak diseinatu ditu, eta kartelgintzan ere jardun izan du. Gune publikoetan ere egin ditu artelanak, adibidez, jaioterri duen Usurbileko mural erraldoia, zeramika polikromatuan egina. 2002an New Yorkeko Haim Chanin Fine Arts galerian erakutsi zuen bere lana. Euskal pintura garaikideko artista adierazgarrienetariko bat da. Haren lanak hainbat museotako bilduma iraunkorretan daude: Bilboko Arte Ederretan, Donostiako San Telmon, Gasteizko Artiumen edota Txileko Santiagoko Concordian.